, ,

Goikobalu Abesbatzaren 35. eta Goikobalu Txiki Abesbatzaren 30. urteurren ospakizunak

2024 urte honetan, Arrasateko Goikobalu Abesbatzan urteurren bikoitza ospatzen dugu: batetik, Goikobalu Handik 35 urte betetzen ditu, eta, honen harrobi gisa sortu zen Goikobalu Txiki abesbatzak, berriz, 30. Hau ospatzeko, abenduaren 14ean kontzertu berezi bat antolatuko dugu Arrasateko San Frantzisko Elizan, arratsaldeko 20:00tan.

Hitzordu berezia izanda, kontzertu berezia antolatzea izan da gure asmoa. Lehen aldia izango da Goikobalu Txikiren urteurrena orkestrarekin izango den kontzertu batekin ospatuko duguna. Erronka handia eta polita aldi berean gure txikientzat. Baita Arrasateko Gazte Abesbatzako gazteentzat ere, hauetako asko umetan Goikobalu Txikin hasitakoak. Hauekin batera, duela bost urte 25. urteurrena ospatzeko egin genuen deialdia errepikatuz, ume eta gazte garaietan Goikobalu Txiki eta Gazte taldeetan aritu izan diren hainbat partaide ohi ere batu zaizkigu ospakizunera. Oso eskertuta eta pozik gaude agertu duten interesagatik, baita oraingo honetan parte hartzeko gogoz geratu diren beste abeslari ohiek erakutsitakoagatik ere. Goikobalu familia osatzen dugunon parte dira guzti horiek ere, duda barik.

Kontzertuak bi zati edukiko ditu. Txiki eta gazteek emango diote hasiera kontzertuari, Goikobalu Txiki abesbatzaren ibilbidean esanguratsuak izan diren bi kantu abestuz: batetik, Hoshino kantu japoniar herrikoia; bestetik, Ez etsi, The Beatles talde entzutetsuaren Let it be abestiaren euskarazko bertsioa, Goikobalu Gazteko kideek 2002. urtean Euskal Kantu Txapelketan parte hartzeko espreski asmatu zen bertsioa, Judith Delgado eta Miren Fernandez arrasatearren eta taldekide ohien hitzekin. Ostean, Fernando Velázquez konposatzaile getxoztarraren GABON DUT ANUNTZIO obra eskainiko dugu, ahots zurientzat konposatutakoa.

Ondoren, Goikobalu Handiren txanda izango da. Orkestrak lagundurik, honako kantu hauek abestuko dituzte: Gabriel de Olaizolaren Aurtxoa Seaskan eta Adolphe Adam-en O Holy Night, Lucía Boned bakarlariarekin batera. Ostean, Georg Friedrich Händel-en Messiah obrako pasarte batzuk eskainiko dituzte.

Urtebetetze berezi hauek borobiltzeko, hainbat lagun izango ditugu gurekin, hala, Arrasateko Txorbela, Aramaioko Papargorri, Bergarako Orfeoi Gaztea eta Azkoitiko Iraurgi abesbatzak batuko zaizkigu. Orkestra eta abesbatzak batuta, 150 lagun inguru elkartzea aurreikusiz.

Iturria: Mondraberri.