25 urteko ibilbidea, partaide ezberdinen ahotik
Arrasateko Goikobalu Txiki abesbatzako garai bateko eta egungo kideen adierazpenak jaso ditu GOIENAk, 25. urteurreneko kontzertu berezia baliatuta.
Arrasateko Goikobalu Txiki abesbatzako garai bateko eta egungo kideen adierazpenak jaso ditu GOIENAk, 25. urteurreneko kontzertu berezia baliatuta.
Mende laurdena bete du aurten Goikobalu Txiki abesbatzak, eta hori ospatzeko kontzertu berezia eskaini dute Kulturateko klaustroan. Berezia, garai bateko eta egungo kideak batera aritu direlako publikoaren gozagai.
1994an sortu zenetik, asko eta asko izan dira Arrasateko Goikobalu Txiki abesbatzako kide izan diren herritarrak, eta horren adibide izan da gaur Arrasateko Kulturateko klaustroan eskaini duten kontzertua. Izan ere abesbatzak 25 urte hauetan zuzendari izan dituen Anuska Ezkurraren, Rakel Murgiondoren eta Maialen Gonzalezen gidaritzapean, egungo eta garai bateko kideak izan dira kantari.
Batzuetan adinaren arabera bananduta eta beste batzuetan denak batera, Gabon izar eder, Xalbadorren heriotzean, Imagine, Siyahamba, Do re mi eta Txoriak txori bezalako doinuak abestu dituzte. Eta entzuleen txalo zaparradek argi utzi duten moduan, garai batean ibilitakoek erakutsi dute ez dutela ikasitakoa ahaztu; eta egungoek, azkar ikasten dutela.
Iturria: Goiena
25 urte hauetan abestutako kantuei errepasoa egin diete gaur arratsaldean, Kulturateko ekitaldi goxoan. Egungo ikasleez eta ohiez gain, Goikobaluko heldu batzuek ere ahotsa jarri dute, eta Iñaki Maidaganek esaterako txirula gozoari eragin dio.
25 urte hauetako zuzendariek lore sorta bana eta txalo beroak jaso dituzte, Anuska Ezkurra, Maider Ruiz, Rakel Murgiondo eta Maialen Gonzalez. Amaia Aboitizek ezin izan du bertan izan, baina txalo beroak jaso ditu. Ikus-entzule ugarik adi-adi jarraitu dute emanaldia, eta txalo beroak eskaini dizkiete abesbatzako lagunei. Zorionak Goikobalu Txiki!
Iturria: Mondraberri