Goikobalu abesbatzaren emanaldia

Goikobalu abesbatzak kontzertua eskainiko du bihar arratsaldean San Frantzisko elizan. Duela gutxi Arrasate Musikalekin emandako kontzertuan, abesti gehiago eskaintzeko gogoz gelditu zen abesbatza; horregatik antolatu dute biharkoa.

Iñaki Madaiganek zuzenduko ditu bihar San Frantzisko elizan izango diren berrogeita bost bat kantariak. Kontzertu horretan, hainbat abesti eskainiko ditu Arrasateko abesbatzak: Mozart musikariaren Visperas, Soleran, Ubi Caritas, Misa Festiva, Kyrie, Gloria, Credo, Sanctus eta Agnus Dei, hain zuzen. Goikobalu abesbatzak bere jarraitzaile diren eta, orokorrean, arrasatear guztiei eskerrak emateko antolatu du emanaldi hori.

Apirilean Arrasate Musikalekin batera kontzertua eskaini zuten abesbatzakoek, eta abesti gehiago eskaintzeko gogoz gelditu ziren. Bada, emanaldi hori antolatu dutela aitortu du Goikobaluko zuzendari Juan Antonio BarriocanaleK: «Apirilean eskaini genuen kontzertuan abesti gutxi eskaini genituela uste genuen, eta arrasatearrei abesti eskaintza zabalagoa oparitu nahi genien. Horregatik, beste emanaldi bat ematea erabaki zuen abesbatzak eta data asteburu honetarako finkatu genuen».

Behin emanaldi hori egingo zutela jakinda, hainbat abesti prestatzeari ekin ziotela esan du Barriocanalek. Eta, ondoren, hainbat entsegu egin zituzten Goikobaluko kantariek. Gainera, kontzertu berezi horretan, abeslariekin batera Arturo Goikoetxea izango da. «Ospea duen arrasatear mediku hori gurekin batera izango da kontzertuan. Goikoetxeak pianoa joko du», azpimarratu du  zuzendariak. «Kontzertu oso berezia izango da biharkoa. Herritarrei eskerrak eman nahi dizkiegu eta dakigun modu politenean egingo dugu, kantatzen», esan du.

Akustika onaren bila

aipatu bezala, emanaldia San Frantzisko elizan eskainiko dute: «Eliza horretako akustika oso ona dela uste dugu, eta, beraz, bertan abestea erabaki genuen. Gainera, ez genuen Udalaren laguntzaz abusatu nahi. Bi arrazoi horiengatik aukeratu genuen San Frantzisko eliza», esan du Barriocanalek. Kontzertua bihar arratsaldeko zortzietan izango da, eta, gutxi gorabehera, ordubete iraungo du.