Bete egin da San Frantzisko eliza orkestra eta abesbatza entzuteko
Pandemia ezkero elkartu gabe zeuden, eta publikoa gogotsu zegoen. Udaberri Musikaleko bigarren aste bukaera izan da honakoa, eta asko itxarondako emanaldia egin dute Arrasate Musikaleko Orkestra Sinfonikoak eta Goikobalu Abesbatzak. Orkestrak eman dio hasiera kontzertuari. Franz Schubert-en zortzigarren sinfonia jo dute eta ondoren Kenneth Leightonen Introduction and March finale. Ondotik gehitu dira abesbatzako kideak. Ahotsa jarri diote Gabriel Faureren requiemari. Kontzertuari amaiera emateko, Juan Arzamendiren Udalamendi abestia eskaini dute; Arzamendi hil zela hogei urte igaro dira, eta omenaldia egiteko modua izan da.
