Goikobalu eta Goikobalu Txiki abesbatzak, San Frantzisko elizan
San Frantzisko elizan elkartu ziren domekan, hilaren 15ean, Goikobalu eta Goikobalu Txiki abesbatzetako kideak, 35. eta 30. urteurrenak ospatzeko. Hemen duzue eurek eskainitako Hator, Hator abestia.
San Frantzisko txiki gelditu da Goikobalu Abesbatzaren ospakizun egunean
Goikobalu Abesbatzak 2024 urte honetan, urteurren bikoitza ospatzen ari da. Batetik, Goikobalu Handik 35 urte betetzen ditu, eta bestetik, honen harrobi gisa sortu zen Goikobalu Txiki abesbatzak, berriz, 30. Hori ospatzeko, gaurkoan kontzertua berezia eskaini dute San Frantzisko elizan. Lehendabizikoz ospatu dute Goikobalu Txikiren urteurrena orkestrarekin kontzertuan. Gainera, ume eta gazte garaietan Goikobalu Txiki eta Gazte taldeetan aritu izan diren hainbat partaide ohik ere bat egin dute emandaldiarekin.
Kontzertuak bi zati eduki ditu. Txiki eta gazteek eman diote hasiera kontzertuari, Goikobalu Txiki abesbatzaren ibilbidean esanguratsuak izan diren bi kantu abestuz: batetik, Hoshino kantu japoniar herrikoia; bestetik, Ez etsi, The Beatles talde entzutetsuaren Let it be abestiaren euskarazko bertsioa. Ondoren, Fernando Velázquez konposatzaile getxoztarraren GABON DUT ANUNTZIO obra eskainiko dute. Goikobalu Handik berriz, Gabriel de Olaizolaren Aurtxoa Seaskan eta Adolphe Adam-en O Holy Night, Lucía Boned bakarlariarekin batera. Ostean, Georg Friedrich Händel-en Messiah obrako pasarte batzuk eskainiko dituzte. Arrasateko Txorbela, Aramaioko Papargorri, Bergarako Orfeoi Gaztea eta Azkoitiko Iraurgi abesbatza ere lagun izan dituzte gaurko ospakizunean.
Kontzertuak ikusmin handia piztu du, izan ere, 150 pertsona inguruk hartu dute parte emanaldian. Gauzak horrela, jende ugari hurbildu da San Frantziskora eta eserlekuak agortuta, askok zutik jarraitu dute Goikobaluren ospakizuna.
Urteurrenak ospatzeko egingo dute kantuan
Kontzertu «berezia» antolatu dute Goikobalukoek, abesbatza nagusiaren eta txikienen abesbatzaren urteurrenak ospatzeko. Gaur egun abesbatzako kide direnak bai, baina urteetan zehar kide izan direnetako batzuk ere egongo dira ekitaldian.
Goikobalu eta Goikobalu Txiki abesbatzek 35. eta 30. urteurrenak ospatuko dituzte, hurrenez hurren, asteburuan. Horretarako, «kontzertu berezia» egingo dute bihar, 20:00etan hasita, San Frantzisko elizan. Hitzordu berezia izango da Goikobalu abesbatza osatzen duten kideentzat; izan ere, «ume eta gazte garaietan Goikobalu Txiki eta Goikobalu Gazte taldeetan aritu izan diren hainbat partaide ohi» ere egongo dira urteurreneko ekitaldian. Ospakizunera batuko direnei eskerrak eman gura izan dizkie Maialen Gonzalezek, Goikobalu Izartxoak taldeko zuzendariak: «Lan handia egin dute Goikobalu Txikin ibilitako hainbat abeslari ohik ere. Bihotzez eskerrak eman nahi dizkiegu hain berezia den egun hau gurekin partekatzeagatik».
Ekitaldi berezia
Abesbatzakoek jakinarazi dutenez, aurrenekoz ospatuko dute Goikobalu Txikiren urteurrena orkestrarekin egindako kontzertu batekin, eta hori erronka handia izango dela dio zuzendari lanetan ibiliko den eta Goikobalu Txikiko zuzendaria ere baden Txomin Maidaganek: «Ohikoa baino jende gehiago izango gara, eta denon arteko konexioa ezinbestekoa izango da. Taldeko kide batzuek iaz Donostian Euskadiko Orkestrarekin egin zen kontzertu batean parte hartu zuten, eta badaukate bizipen hori; baina kontzertu hau berezia izango da». Gonzalezentzat eta Maidaganentzat ere berezia izango da ekitaldia; izan ere, hauxe dio Gonzalezek: «Oso berezia da urteurrena gaur egungo umeekin eta bere garaian ume izan ginen batzuekin batera ospatzea». Maidaganek ere «berezitasun handiko kontzertua» izango dela dio. Aurreko urteurren ekitaldietan ere parte hartu du arrasatearrak, baina oraingoan kontzertua zuzentzeko ardura izango du, haren «aitaren pausoak jarraituz. Erronka handia» izango dela dio, baina «gogotsu» dagoela aitortzen du.
Abesbatzara batzeko deia
Gaur egun, 90 pertsona inguruk osatzen dute Goikobalu abesbatza. Hala ere, Gonzalezek eta Maidaganek diote jendea erakartzea ere badela euren helburua: «Ikusten dugu abesteko zaletasuna egon badagoela, baina, askotan, kosta egiten zaigu jende berria erakartzea. Hala ere, guk lanean jarraitzen dugu, gure jarduna herriari zabaltzeko eta parte hartzera animatzeko». Hala, herritarrei dei egin die abesbatzara batu eta egiten dutena proba dezaten.
Goikobalu Abesbatzaren 35. eta Goikobalu Txiki Abesbatzaren 30. urteurren ospakizunak
2024 urte honetan, Arrasateko Goikobalu Abesbatzan urteurren bikoitza ospatzen dugu: batetik, Goikobalu Handik 35 urte betetzen ditu, eta, honen harrobi gisa sortu zen Goikobalu Txiki abesbatzak, berriz, 30. Hau ospatzeko, abenduaren 14ean kontzertu berezi bat antolatuko dugu Arrasateko San Frantzisko Elizan, arratsaldeko 20:00tan.
Hitzordu berezia izanda, kontzertu berezia antolatzea izan da gure asmoa. Lehen aldia izango da Goikobalu Txikiren urteurrena orkestrarekin izango den kontzertu batekin ospatuko duguna. Erronka handia eta polita aldi berean gure txikientzat. Baita Arrasateko Gazte Abesbatzako gazteentzat ere, hauetako asko umetan Goikobalu Txikin hasitakoak. Hauekin batera, duela bost urte 25. urteurrena ospatzeko egin genuen deialdia errepikatuz, ume eta gazte garaietan Goikobalu Txiki eta Gazte taldeetan aritu izan diren hainbat partaide ohi ere batu zaizkigu ospakizunera. Oso eskertuta eta pozik gaude agertu duten interesagatik, baita oraingo honetan parte hartzeko gogoz geratu diren beste abeslari ohiek erakutsitakoagatik ere. Goikobalu familia osatzen dugunon parte dira guzti horiek ere, duda barik.
Kontzertuak bi zati edukiko ditu. Txiki eta gazteek emango diote hasiera kontzertuari, Goikobalu Txiki abesbatzaren ibilbidean esanguratsuak izan diren bi kantu abestuz: batetik, Hoshino kantu japoniar herrikoia; bestetik, Ez etsi, The Beatles talde entzutetsuaren Let it be abestiaren euskarazko bertsioa, Goikobalu Gazteko kideek 2002. urtean Euskal Kantu Txapelketan parte hartzeko espreski asmatu zen bertsioa, Judith Delgado eta Miren Fernandez arrasatearren eta taldekide ohien hitzekin. Ostean, Fernando Velázquez konposatzaile getxoztarraren GABON DUT ANUNTZIO obra eskainiko dugu, ahots zurientzat konposatutakoa.
Ondoren, Goikobalu Handiren txanda izango da. Orkestrak lagundurik, honako kantu hauek abestuko dituzte: Gabriel de Olaizolaren Aurtxoa Seaskan eta Adolphe Adam-en O Holy Night, Lucía Boned bakarlariarekin batera. Ostean, Georg Friedrich Händel-en Messiah obrako pasarte batzuk eskainiko dituzte.
Urtebetetze berezi hauek borobiltzeko, hainbat lagun izango ditugu gurekin, hala, Arrasateko Txorbela, Aramaioko Papargorri, Bergarako Orfeoi Gaztea eta Azkoitiko Iraurgi abesbatzak batuko zaizkigu. Orkestra eta abesbatzak batuta, 150 lagun inguru elkartzea aurreikusiz.
Goikobalu Abesbatzak eta Arrasateko Gazte Abesbatzak ikasturteari hasiera eman diote
Goikobalu Abesbatzak eta Arrasateko Gazte Abesbatzak ikasturte berriari hasiera eman diogu. 4 urteetatik hasi eta helduen talderaino, Goikobalu Abesbatzak eta AGAk herritarrak gonbidatzen ditugu Abesbatza ezagutzera eta kantuaz gozatzera. Aurten, Goikobalu Handik eta Goikobalu Txikik 35. eta 30. urteurrenak ospatzen ditugu, hurrenez hurren, eta emanaldi berezia eskainiko dugu urte amaieran.
Goikobalu Abesbatza helduen taldeak aste hontan hasi ditu entseguak eta datorren astean txikien txanda izango da. AGA Arrasateko Gazte Abesbatza ere bueltan da, eta Sant Cugat del Vallés-era egingo du bidaia ostiral honetan, uztailean jasotako bisita bueltatuz, elkartrukean.
Taldeen ordutegiak:
– Goikobalu Izartxoak: HH4 eta LH1 artean, ostegunetan 18:00-18:45 artean.
– Goikobalu Txiki: LH2 eta LH6 artean, astearte eta ostegunetan 18:45-19:30 artean.
– Arrasateko Gazte Abesbatza (AGA): DBH1-etik aurrera, ostegunetan 18:30-19:30 artean eta hilean larunbat edo igande bat.
– Goikobalu Abesbatza (helduak): astearteak eta ostegunak 20:00-22:00 artean.

Goikobalu Izartxoak eta Goikobalu Txikik ikasturte amaierako kontzertua egin dute
Goikobalu Izartxoak eta Goikobalu Txiki taldeek ikasturte amaierako kontzertua egin dugu ekainaren 11n, Juan Arzamendi Musika Etxeko auditorioan. Emanaldi honekin, aurtengo ikastaroa amaitzen dugu. Hurrengo ikasturtean kantu gehiagorekin itzuliko gara! Aurten, gainera, Goikobalu Txikik 30 urte betetzen ditu eta haurrak, gazteak eta Orkestra batuko dituen kontzertu berezi batekin ospatuko dugu urte amaieran. Bitartean, oporrak gozatzera!
Ipuin musikatua, Liburuaren Eguna ospatzeko
Euskal Barrokensemble eta Goikobalu Txiki Abesbatza aritu ziren atzo, egubakoitza, Kulturateko Areto Nagusian, Arrasateko Bibliotekak antolatuta. Arrazoia, Liburuaren Nazioarteko Eguna. Euskelelea ipuin musikatua eskaini zuten elkarrekin.
Zuzeneko musikarekin kontatutako ipuina
Familiendako sortutako Euskelelea ikuskizuna egingo dute Euskal barrok Ensemble musika taldeak eta goikobalu txiki abesbatzako haurrek, arrasateko bibliotekak gonbidatuta, gaur, egubakoitza, kulturateko areto nagusian, 18:00etan hasita. Entzun elkarrizketa!

Elkartasun kontzertua HARREMAN-en eskutik
Beste urte batez, inauterien bezperan HARREMAN GKE-ak antolatutako kontzertu solidarioa eskaini dugu Arrasateko San Juan Batailatzailearen parrokian. Bertan, Goikobalu osatzen dugun talde guztiok (Goikobalu Izartxoak, Goikobalu Txiki, Goikobalu) hartu dugu parte, baita AGA Arrasateko Gazte Abesbatzak ere. Mila esker HARREMAN beste urte batez gurekin kontatu izanagatik eta zorionak egiten duzuen lan bikainarengatik.
Erlazionatutako albisteak:
Parrokia elkartasunez jantziko dute egubakoitzean (Goiena).
Goikobalu ‘familiak’ elkartasun-kontzertua emango du parrokian (Mondraberri).






