Goikobalu Izartxoak eta Txikik agur esan diote ikasturteari JAMEn
Goikobalu Izartxoak eta Goikobalu Txikiren ikasturte amaierako kontzertua izan genuen Juan Arzamendi Musika Etxeko areto nagusian. 4-10 urte bitarteko 20 bat neska-mutikoz osatutako bi taldeek urtean zehar landutako hainbat kantu eskaini zituzten, tartean: ‘Io sono un bambino’ abesti herrikoi italiarra, ‘Obwisana’ Ghanako folk kantua, ETS taldearen ‘Zurekin batera’ abestia, ‘Let’s eat’ musikaleko hainbat kantu edota The sound of music pelikula mitikoaren ‘Do-re-mi’ aski ezaguna.
Emanaldi honekin, Izartxoen eta Txikien ikasturtea amaitutzat ematen dugu. Irailean bueltatuko gara berriz abesti eta istorio berriekin!
Izen-ematea zabalik dugu 4 urtetik aurrerako herriko neska eta mutil guztientzat. Animatu eta etorri probatzera!
Informazio gehiagorako:
E-maila: goikobalutxiki@gmail.com
Telefonoa: 669833438.
Egoitza berria estreinatzen!
Dagoeneko egin dugu lekualdaketa eta hasi ditugu gure entseguak Juan Arzamendi Musika Etxeko (JAME) egoitza berrian. Pozak txoratzen!
Ongietorri hunkigarria Juan Arzamendi Musika Etxeari
Arrasate Musikaleko musika bandak Monterronetik abiatuta Juan Arzamendi Musika Etxearaino egin duen kalejirarekin hasi da gaur arratsaldean Arrasateko hainbat kultura talderen egoitza izango den eraikinari ongietorria emateko ekitaldia.
Behin bertara heldutakoan, Juan Arzamendi zenaren familiakoei, tartean Ines Ceciaga alargunari, aurreskua dantzatu diete. Arrasateko musika eskolaren sortzaile eta lehen zuzendari izandakoaren senideak eurak izan dira, gainera, eraikinaren ateak ireki dituztenak. Bertako auditoriuma estreinatzeko, Maria Ubarretxenaren hasierako hitzaldiaren ostean, musikaz, kantuz eta dantzaz jantzitako ikuskizuna eskaini dute Arrasate Musikaleko musikariek eta dantza taldekoek eta Goikobaluko eta AGAko abeslariek. Lepo bete da aretoa, eta barruen egon ezin izan duten herritarrek eraikinaren kanpoan jarritako pantaila baten bidez jarraitu ahal izan dute ekitaldia.
Arrasate Musikalek, Goikobaluk eta AGAk JAMEko giltzak jasoko dituzte
Gaur, ostirala, arratsaldeko 19:30ean, Juan Arzamendi Musika Eskolaren inaugurazio ofiziala egingo da, eta azkenik, Arrasate Musikalek, Goikobaluk eta AGAk auren etxe berriaren giltzak jasoko dituzte. Kanpoko aldean edukiera-muga dela eta, pantaila bat jarriko da, eta horren bidez jarraitu ahal izango da ekitaldia.
Eguraldiak uzten badu, ekitaldia Arrasate Musikaleko bandaren kalejira batekin hasiko da, Monterronetik musika eskola berrira. Juan Arzamendi Musika Eskolan ohorezko aurreskua dantzatuko da eta lore sorta bat emango zaio Juan Arzamendiren familiari. Ondoren, eskolako ereserkia interpretatuko da, eta barruan, hiru hari-talde, metal boskote bat eta dantza talde bat arituko dira. Azkenean, Goikobalu igoko da agertokira. Ekitaldia amaitzeko, lunch bat egingo da.
Goikobaluk kontzertu solidarioa eskaini du Harremanen alde
Goikobaluk Harremanen alde urtero ematen duen kontzertua eskaini du San Juan Bataiatzailearen parrokian. Kontzertuan Goikobalu, Goikobalu Txiki eta AGA (Arrasateko Gazte Abesbatza) taldeek hartu dute parte eta errepertorio zabala prestatu dute kontzerturako. Espero bezala, arrasatearrek parrokia bete dute. Kontzertuan jaso diren ekarpen ekonomikoak Harremanek Afrikan eta Indian abian dituen proiektuetara bideratuko dira.
Goikobalu Txiki eta Arrasateko Gazte Abesbatza Olentzeroren etorreran kantuan
Jende uholdeak jarraitu du gaur Olentzeroren etorrera Arrasaten. Herriko plazara sartu da Maala kalea zeharkatuta, eta hor pilatu da jende gehien. Gero, plazan, jendetza zegoen Olentzeroren zain. «Pandemia tarteko ezin izan naiz bi urtean plazara etorri, baina hemen nago zuen artean, benetan pozik. Gaur lan mordoa daukat, goizean ikusi dut zenbat gutun jaso dituzten, baina pozarren nago”. Irakur gehiago
Gabonetako argiak distiratzen ari dira jada Arrasateko kaleetan
Atzo Gabonetako argiak piztu ziren Arrasaten. Aurten, Arrasate Musikalek eta Arrasate Rugby Taldeak eman diote pizteko botoiari. Bi elkarteek euren 50. urteurrenak ospatzen dituzte aurten. Herriko plazako oholtza gainean ez dira falta izan Goikobalu Txiki eta Arrasateko Gazte Abesbatza, eta ohitura den bezala, hainbat gabon-kanta interpretatu dituzte. Gainera, aurten Arrasate Musikaleko biolinisten Suzuki taldea izan dute lagun.
Iturria: Mondraberri.
Arrasateko abesbatzak kalera atera dira Santa Zezilia omentzeko
Atzo, azaroak 22, Santa Zezilia ospatu zen, musikarien eta olerkarien zaindaria. Santa Zezilia omentzeko Arrasateko abesbatzak kalera atera ziren kantatzera. Goikobaluk, Goikobalu Txikik, Arrasate Gazte Abesbatzak, Txorbela Otxoteak eta Portaloi Elkarteak hainbat abesti interpretatu zituzten herriko hainbat lekutan. Bukatzeko, Herriko plazan elkartu ziren eta denek batera abestu zuten.
Juan Arzamendi Musika Etxeko obra amaituta, ekipatzeko zain
Azken erremateak falta zaizkio Arrasate Musikalek eta Goikobaluk erabiliko duten eraikinari. Instalakuntzak ekipamenduz hornitzea da bakarrik falta dena, ondorioz, Gabonen ingururako aurreikusten dute bi musika elkarteen lekualdaketa.




